ZUZTARRETATIK OINEZ
ibilbide toponimikoak
Toponimoak, lekuei emandako izenak ditugu. Euskaraz sarritan entzun izan dugu: izena duena da (izena duen guztiak izana badu). Eta halaxe da, gure egunerokotasunean kokapen geografikoa errazteko hainbat erreferente erabiltzen ditugu hau lekua edo ha lekuaz berba egiteko.
Leku-izenen erreferentzia eraldatzen joan da, batzuetan egokitzen eta, besteetan, gure memorian kolektiboan alboratu ere egin ditugu. Zuztarretatik Oinez bailarako eraikin eta parajeen leku izenen erreferentzia modu gustagarri batean lantzeko egitasmoa da, ibilbide ezberdinak proposatuz. Ibilbideotan iturri, solo, lantzar, troka, baso, baserri, etxe, eliza eta enparauen erreferentzia egiten da, berarekin bat doan historiarekin batera. 9 udalerriotako ibilbide toponimikoak ez eze bertoko lekukoei jasotako testigantzaz ere hornitu ibilbideak topatuko dituzue, hiru formatu ezberdinetan: bideoan, wikiloc zein googlemaps-en.
Bidaia on!
ARAKALDO: Ibarretxe – Elexalde – Madariaga – Kukutza
Arakaldo Bizkaia eta Araba arteko mugan dago. Gizaldietan, Arrankudiagako auzoa izan da, harik eta XIX. mendean udalerri bihurtu zan arte.
Zabaleran Bizkaiko herririk txikienetarikoa, hiru kilometroko eskubarruan sartzen da. Bere auzoetatik ibilaldi zoragarria egitera gonbidatu gura zaitugu.
Erduizu!
ARRANKUDIAGA: Elexalde – Zabale – Garondo- San Pedro
ARRIGORRIAGA: Herriko plazea-Larrasko-Goikuri-Abrisketa
BASAURI
San Migel – Finaga – Castillo
Basauriko San Migeleko Nekazarien plazan hasiko da gure ibilbidea. Arrigorriagako bidetik abiatu eta Atxikorre eta Luzarra auzoetatik igaroko gara, Finagara heldu arte. Handik gora Castilloren magalera helduko gara.
Hortxe amaituko da gure ibiltaldia!
Ariz – Artunduaga – Lapatza – Ibarra
Bigarren ibilbidean Basauriko Erbarrena ezagutuko dogu, Nerbioi ibaiak laztantzen dituan lurrak. Arizko Torretxean hasi, Arizko zubirantz jo eta Soloarte ingurutik, bidegorriari jarraituta, Nerbioi ibaiaren bazterretik, Ibarreta, Ugarte, Artunduaga eta Lapatzatik igaro ostean, Ibarreraino helduko gara.
Gozatu!!
ETXEBARRI: Kukullaga – Zintuduri – Kortazarreta – Ameztui
Gure ibilaldia Doneztebe eleiza aurrean hasi eta apurka-apurka Kukullaga auzoa ibiliko dogu. Ibilian-ibilian, behetik gora Zintuduri, Arestuinagusipe, Kortazarreta eta Ameztui inguruetatik igaroko gara. Gero, goitik behera, barriro be Kukullaga parkea zeharkatu eta hasierako lekura helduko gara.
Ai aldats, eperdi latz!
GALDAKAO
Elexalde eta albo-auzoak
Kurtzeko plazatik urtenda, Errekalde, Altamira eta Elexalde auzuneetatik zehar ibilbidetxua proposatzen dogu.
Bidea erakutsiaz batera, beste jakingarri batzuk be aitatzen doguz: auzuneotako etxeak, bazterrak, zelan-halango balioa daben eraikin eta lekuak, ohiturak…
Ederragorik!!
Bekea – Lekue – Usansolo – Labeaga
OROZKO: Ibarra – Zaloa – Urigoiti
Ibilbide honetan Erdi Aroko herritxuak ezagutuko doguz. Ibarran hasita, Zaloa, Uribarri, Urigoiti, Aresketa eta Ugaldetik igaro ostean, barriro Ibarrara itzultzeko. Ibilbide biribila zentzu guztietan: paisaje ederrak, baselizak, errotak, baserri ikusgarriak, antxinaren arnasa bizigarria bazter guztietan…
Ikusgarria!
UGAO-MIRABALLES: Tren-geltokia – Udiarragako Andra Mariko santutegia – udaletxea
Herriko urigunea ezagutuko dogu. Ibilaldi laburra da, kaleartekoa, baina Ugao uriaren erdialdea ikusteko guztiz ederra. Tren-geltokian hasi, Udiarragako Andra Mariaren santutegia eta inguruak ikusi, Udiarraga kaletik udaletxeko plazara, Usila zubira gero, eta zubi batetik bestera Udaletxeko plazan amaitu.
On egin!
ZARATAMO: Elexalde – Atxiturri – Semenimendi – Gokuri
Ibilbidea udalerriaren erdigunean hasiko dogu, Elexaldeko plazako iturrian. Etxezuri eta Elexalde baserrien artetik igarota, Atxiturri basorako bidea hartu, Semenimendin barrena Elexaldera doan bidetik segidu eta barriro abiapuntura itzuli baino lehen; Enarriaga iturriaren paretik eta Goikuri auzotik pasauko gara.
Begiak edertasunez bete!