Zer da Zuztarretatik Ahora?

Nerbioi–Ibaizabal bailarako euskararen ondare etnolinguistikoa batzeko eta ikertzeko Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Ugao-Miraballes, Orozko eta Zaratamoko udalek sustatutako ekimena da gurea. Eskualdeko herri-jakituria eta kultura tradizioa batu eta berreskuratzeko proiektua.

2004tik, baserriz baserri, bertoko bizimodua jasotzen dihardugu, landa lan emankorrean. Material ugari batu da, pertsona bakoitza mundu bat baita, bere unibertso partikularrarekin. Are gehiago, etxe, familia eta baserri bakoitza.

Ondare etnografikoa (eguneroko bizimodua, lanbideak, ohitura, olgetak, urte-sasoiei lotutako ekintzak eta errituak…)

Ondare lexikala (berbak, esaera zaharrak, esamoldeak…)

Ondare etnolinguistikoa (kantak, ipuinak, bertsoak…)

Hizkuntzaren transmisioa bermatzeko, gure aurrekoengandik jasotakoa datozenei transmitituz.
Nerbioi–Ibaizabal bailarako nortasun propioa berreskuratzeko.
Proiektuan jasotako guztiaren zabalkundea egiteko, kasuan kasu, euskarri eta material desberdinak kaleratuz.

2004tik 2008ra, eguneroko bizimodua, lanbideak, ohiturak, olgetak, errituak, berbak, kantak, esaera zaharrak, bertsoak eta abar luze baten inguruan, ama-hizkuntza bertako hizkera duten bailarako 77 berriemaile elkarrizketatu eta grabatu dira (bai audioz bai bideoz) eta eurekin ia 340 orduko grabazioak egin dira.

Urtero uzta oparoa

Lehenengo landa lan honen ostean, bederatzi udalerrion artean sustatutako egitasmoak, urtero-urtero, fruituak ematen jarraizen du.

2016

OLGETAK

ZUZTARLUZE 2.0

Gure lekukoei hainbat eta hainbat olgeta jaso genituen egindako landa lanean. Horien artean bideo formatura ekarri ditugun 7 honek aukeratu ditugu: iturriak, kumak egiten, soka saltoan, trukeme astea, txorro morro, atxea motxea eta kantoi kantoika.

Olgeta bakoitzaren grabazioan bailarako herri ezberdinetako ume, nagusi eta ludoteketako begiraleek hartu zuten parte.

Bideook olgeta bakoitzaren egitura eta olgetako era erakusten dute. Antzinako olgetak izan arren gaurkotasun handikoak dira, gaur egun ere, guztiz erabilgarriak.

2016an ere, zuztarluze jolas interaktiboa sarean ipini genuen. Ordura arte ikastetxeetan modu lokalean funtzionatzen zuen jolasak, ikastetxeetako ateak zeharkatu eta mundura zabaldu genuen. Edozeinek, edozein momentutan, gure ondarearekin jolas dezan.

Abagunea, eduki sakontasun gehiago irabazteko baliatu genuen. Modu honetan toponimo, definizio, sinonimo, esaera, argazki eta kantu/bertso gehiago uztartu genituen interaktiboan.

Jolastu eta jokatu daiteke. Inolako baldintzarik barik prakitatuz edota erlojuaren kontrako proba puntuagarriei aurre eginze. Jolasean bakarka edo bikoteka aritu gaitezke, 4 bikoteek aldi berean jolastu dezakete.

2015

ZUZTARLUZE.COM

2015ean Zuztarluze egitasmoak urrats berri bat eman zuen: sarera salto, zuztarluze.com webgunea martxan jarri zen.

Egitasmoaren gaineko informazio ahalik eta osatuen ematea da webgunearen helburua: zer den, jolasak dituen probak, proiektuaren sustatzaile eta laguntzaileak eta jolasa bera osatzen duten edukiak deskargatzeko aukera ematen du ere bai.

Jolaserako zuzeneko esteka ere badu. Egitasmo honen argazkia egiteko ezinbesteko gunea.

2014

ZUZTARRETATIK OINEZ

YOUTUBE-KO KANALA

2014an Basauri eta Galdakaoko udalerriekin, herriko toponimian oinarritu ibilbideak egiteari ekin genion. Bailarako eraikin eta parajeen leku izenen erreferentzia modu gustagarri batean lantzeko egitasmoa da, ibilbide ezberdinak proposatuz.

Ondorengo urteotan, 9 udalerriotako ibilbide toponimikoak ez eze bertoko lekukoei jasotako testigantzaz  ere hornitu ibilbideak argitaratu dira.

Ibilbideok hiru formatotan jaso dira: bideo formatua, wikilocs-en eta google maps-en

2014an ere youtubeko kanala argitara eman genuen: https://www.youtube.com/user/zuztarretatikahora

Gure egitasmoan argitaratu bideo ezberdinak jasotzeko edukiontzi paregabea. Kanala erreprodukzio zerrenda ezberdinekin osatua dago: toponimia, zuztarluze, gerrea, antzinako bizimodue

Gaur egun, 2017an, kanalak, 91 bideo jasotzen ditu eta 8.900 erreprodukzio gora izan ditu.

2013

LEKUKOEN BIDEOAK: BIDEO ERREPRODUKTOREA

2004an hasi eta 2009an DVD interaktiboa argitaratu arte, Labayrurekin egindako landa-ikerketaren ondorioz, eskualdeko 77 laguni egin zitzaizkien grabaketak eta 340 ordutik gorako grabaketak egin ziren.

2013an, jasotako elkarrizketa hauen bideo-txatalak atalka antolatu eta bideo-erreproduktore formatu honetara dakargu. Antolaketa honek, irizpide ezberdinen araberako bilaketa egiteko aukera damaigu: herrika, gaika, lekukoka…
Bilatzailearekin berba solteak kontsultatu ditzakegu eta, hala badagoiko, berba hauekin lotura duten bideoen zerrenda erreproduzitu ere.

Bideo-txatalaren osagarri, lekukoak esaten duenaren transkripzioa, hiru hizkuntzatan irakurtzeko modua ere badago: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.

Bailarako herri jakituria kontsultatzeko modu aberats eta paregabea dugu.

2012

ESKOLA AGENDA

JOLAS INTERAKTIBOA

ZUZTARRETATIK KANTA

2012ko irailean proposamen ideia eta erronka berriei heltzeko asmoz, eskola agenda argitaratzeari ekin genion. Eskola agenda, ikasle, irakasle eta gurasoen arteko komunikaziorako tresna estimagarria da, baina horrezaz gain, Nerbioi-Ibaizabal bailarako eduki etnolinguistikoak zabaltzeko ere aukera paregabea ematen digu.

Agendan, astean bista, guraso-irakasleen arteko oharrak, ordutegiak, helbideak… eta abarreko eduki funtzionalak azaltzen dira. Era berean, bederatzi udalerriotako jai bereziak, egun garrantzitsuak, hitzorduak, eta abar agertzen zaizkigu.

Bailarako idazle eta ilustratzaileek, urtez-urte, agendaren orrialdeak loratzen dituzte. Zuztarretatik Ahora egitasmoaren baitan ernaltzen diren istorio eta irudiekin.

Zuztarluze,  jolas interaktiboa eta txapelketa antolatua da.

2012-2013 ikasturtean Galdakaoko ikastxeetan abiarazo zan, euskararen egunarekin batera Torrezabalen burutu zen GALArekin.
2013-2014 ikasturteaz geroztik, bailarako gainontzeko herrietara zabaldu da: Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko eta Ugaok parte hartu dabe.

Helburu nagusia Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko herri-jakituria eta kultura tradizinoa gizarteratzea da.

Gaur egun 2.0 bertsioa sarean dago jolastu eta jokatzeko moduan dago:  http://zuztarluze.com/olgau/

Zuztarretatik Ahora egitasmorako kantan, Xabier Zabalak musikatu ditu Arkaitz Estiballes bertsolariaren hitzak. Kantak egitasmoak izan nahi duena islatzen du. Aitite eta bere lobaren arteko solasaldi sentiberak generazioen arteko transmisioa adierazten du. Bigarren zati batean, erromeri alai batean etxean, eskolan, euskaltegian, tabernan… euskara erabat erabilgarri eta baliagarria den testuinguruen aipamena egiten da, atzotik gaurkorako bidaian. Eta azkenik, hankak eta gerriak mugitzeko erritmo bizi batean euskaraz bizitzeko aldarria egiten da. “Euskaraz bizi nahi dugu!” ohiukatuz. Bailara osoko neska, mutil, andra, gizon, ume, gazte, heldu eta nagusien artean osatutako taldeak grabatu dugu kanta.

2011

GIDA DIDAKTIKOA

KANTU BILDUMA

Familiari eta hezitzaileei zuzendutako“Orbelak airez aire” gida didaktikoak, umeari, jaioberria denetik, gure herrietan jasotako euskara jatorraren eredurik onena, hizkerarik ederrena, eta batez ere komunikazio gaitasunik indartsuena eskaintzea du helburu.

Gida bertan, kanta ezberdinak jasotzen duen CDa aurkitzen dugu.  Kanta bilduma hau, ikerketan bildutako herri kantu hautatu batzuekin egindako CDa da, umetxoei zuzendutakoa eta familian gozatzeko erabat aproposa.

2009

DVD INTERAKTIBOA

Ekimen horren ondorioz, eta lan prozesu eskerga baten ostean, 2009an Zuztarretatik Ahora izeneko DVDa kaleratu zen. Zuztarretatik ahora lelopean sortutako materiala eskualdeko umeentzako eskolarako material osagarria da (edo etxean gurasoekin erabiltzekoa), hezkuntza zikloen arabera eraturik datorrena, indarrean dagoen Hezkuntza Curriculumak zehazturiko edukiak lantzeko.

DVD honetan batu den informazio osoaren zati bat baino ez badago ere, %10-a inguru, berriemaileek transmititu diguten ondarea eskergaitza da.

Lan hau garrantzitsutzat jotzen dugu irakaskuntzara bereziki bideratzea, DVD-a ikastetxeetako curriculuma osatzeko diseinatuta baitago.

DVD-a gai ezberdinetan antolatu 88 unitateetan egituratua dago. Bertan, 950 bideo kontsultatu daitezke.