Olgetak egitasmoak, gure aurrekoen olgetak erakutsi eta, gaur egun ere, familia, aisia, eskola eta esparru zabal batean duten balioa eta erabilgarritasuna azpimarratzea du helburu.

Indarrean dugun egitasmoa 2015eko urrian hasi genuen. Olgeten gaineko informazioa jaso, kontrastatu, antolatu eta 2016ko otsailean hemen aurkituko dituzun bideo formatura ekarri genituen.

Grabazioetan bailarako herri ezberdinetako ume, nagusi eta ludoteketako begiraleek hartu zuten parte. Eta Galdakaoko Gandasegi eskoletako patioan eta inguruko plazan burutu genituen

Bideo guztiak gure youtubeko kanalean aurkituko dituzu: olgetak erreprodukzio zerrendan.

Adin tarteka sailkatu ditugu.  Bideo bakoitzarekin batera, olgeta bakoitzaren ezaugarriak, helburuak, deskribapena eta abarrekin batera, deskargatzeko fitxa bana daukazu.

Egitasmoak indarrean darrai. Olgeten gaineko dokumentazioa potolotu nahi genuke, laguntzerik bai?

Atxea motxea

Nori zuzendua: 2-6 urte bitarteko umeei

Helburua: Arreta lantzea

Materiala: Mahai bat, jezarlekuak… lurrean jarrita be egin geinke

fitxa deskargau

Deskripzinoa

Korro antzeko bat eginez, ume bakoitzak hatzamar bizkorra aterako du, ama/aitaren belaunean edo mahaiaren gainean ipiniz. Kantatu ahala umeen hatzamarrak ukitzen joango da eta azken “zelemine kanpan”, umeak, adi egon behar dira euren hatzamarra amak/aitak hartu ez dakion.

“bat” esan arte mahaiaren gainean itxi behar dute hatzamarra eta “bat” esaten duenean hatzamarra ahora eroan behar dabe. Bitarte horretan, ama/aita adi ez dagoen baten hatzamarra harrapatzen saiatuko da.

Hartzen duen horri galdetuko deutso: “pixpit ala koxkot”.

Eta hautatzen duenaren arabera amak/aitak gauza bat edo beste egingo du: txatxamurke egin edo koxkotean emon.

atxea motxea,
peroli pan
nire semea errotan
Errotara nindoiala
topau neban erbi bat,
jaurti egin neutsan harri bat,
atera neutsan begi bat
ipini neuntsan barri bat
Zelemine kanpan, zelemine kanpan,
gari-gari-gari-gari-gari-gari handi bat!

Partehartzaileak

Arrankudiagako Axular Arroyo, Marene Etxebarria, Irati Gorostizaga, Lorea Camino eta Ander Pérez

 

Soka saltoan

Nori zuzendua: 6-8 urte bitarteko umeei

Helburua: Koordinazinoa lantzea, arreta, pultsua, erritmoa…

Materiala: Soka

fitxa deskargau

Deskripzinoa

Neska-mutil bik sokari eragiten deutsie, kantak marketan dauen pultsuari segiduz. Hau oso garrantzitsua da kantak eta sokak erritmo bera eroan dagien.
Erritmoari jarraituta, neska-mutiko bat barrura sartu eta kantak irauten dauen bitartean sokasaltoka arituko da. Emoten dabenek eta kanpoan dagozanak kantetan segiduko dabe hurrengoa barrura sartzeko. Baten batek huts egiten badau, kantetan hasiko gara barriro.

ALDAGAIAK: Huts egiten dauenak emon behar dau. Neska-mutiko bakotxak kanta osoa barik, kantaren pasarte bakotxagaz batera sartu eta urten, txanda-pasa emonez.

1, 2, 3 eta 4
Txominek andrea falta dau
Txominek deko dendea
sagar ustelez betea
sagar ustelak saldutakoan
topatuko deu andrea

Partehartzaileak

Arrigorriagako Ane Luis, Eider Luis, Olatz Gallastegi, Iraia Costa, Leire López, Daniel Castillo eta Haize Ortiz

 

Kumak egiten

Nori zuzendua: 6-8 urtetik aurrera

Helburua: Alkarregaz jolastea, koordinazioa, abilezia, motrizitate fina

Materiala: San Blas estiloko metro bateko kordela

fitxa deskargau

Deskripzinoa

Artilezko kordel bat hartzen da (metro ingurukoa), korapiloa egin eta ume batek esku birekin hartzen du eta berak nahi duen forma ematen dio. Forma emanda duenenan, bigarren batek eskua sartu eta beste forma bat ematen dio. Horrela, txanda pasean.

Partehartzaileak

Arrigorriagako Ane Luis, Eider Luis, Olatz Gallastegi, Iraia Costa, Leire López, Daniel Castillo eta Haize Ortiz

 

Kantoi kantoika

Nori zuzendua: 8-10 urtetik aurrera

Helburua: Komunikazinoa-kontrakomunikazinoa, perzepzino espazio-tenporala

Materiala: Lau bazter edo irudikatzeko edozein elementu

fitxa deskargau

Deskripzinoa

4 bazter aukeratzen dira eta horreetako bakotxean ume bana jarten da.
4 bazter horreek eregin batekoak edo bestelako elementuakaz adierazotakoak izan leitekez, lau jerse, kasurako. Eskinok distantzia bera izan behar dabe.
4 bazter horreen erdian 5. umea jarriko da; ume honek zelatari lanak egingo ditu eta besteak lekuz aldatzen diranean bazter bat bereganatu beharko dau.
Lau eskinetan dagozanak euren gorputzaren mobimentuakaz, orientabideagaz eta keinuakaz erdiko zelataria engainatzen saiatu behar dira.

Partehartzaileak

Etxebarriko Eneko Ramos, Celia Rueda, Aner Vidales, Amira Ben-Aissa, Aimar Arce eta Naia Valero

 

Iturriak

Nori zuzendua: 8-10 urtetik aurrera

Helburua: Alkarregaz olgetea, perzepzino espazio-tenporala, motrizidade fina

Materiala: Pista marrazteko klariona. Iturriak. Honeek atontzeko motiboak (kromoak, aldizkariak…), artaziak, itsasteko eta iturriari estabilidadea emoteko plastilina eta estaltzeko plastikoa

fitxa deskargau

Deskripzinoa

Klarionagaz gura dogun forma eukiko dauen pista edo ibilbidea marraztuko dogu. Errebueltak, zuzenak, estuguneak, zabaluneak… Ibilbide honetan nahi diran bestelako elementuak be jarri leitekez: zubiak, errekarriak, aldatsak… zailtasunak jarriz, baita baldintza ezbardinak ezarri be: txanda 2 bota barik egotekoa, etxera bueltetakoa, ur-putzuak, eta abar.

Nork hasi behar dauen hautatuko dogu lehenengo eta bat, zozketa baten bitartez.
Iturriak hatzamarragaz sakatu behar dira eta norberak bere txanda jarraituko dau darabilen iturria ibilbidetik urten arte edo markauko baldintzetan jausi arte (txanda 2 bota barik, etxera…).

Besteren batek, bere txanda danean, gure iturria jo eta ibilbidetik kanporatuak bagara, hasieratik hastera derrigortuta egongo gara.
Ibilbidea amaitzen lehenak irabaziko dau.

Partehartzaileak

Galdakaoko Mikel Suarez, Onintze Suarez, June Carrasco, Garazi Zugazaga, Aitzol Martinez eta Ane Goti

Trukemea

Nori zuzendua: 8-10 urtetik aurrera

Helburua: Alkarregaz olgetea, perzepzino espazio-tenporala, koordinazioa eta motrizidade fina

Materiala: Marraztu daitekeen azalera laua. Trukemea irudikatzeko klariona. Asteko egunez egun aurrera egiteko errekarria edo harri laua

fitxa deskargau

Deskripzinoa

Zelaian, 7 koadroko karratu luze bat irudikatuko dogu, 6 karratu bardin eta zazpigarrena aurrekoen bikotxa. 6 karratuetan asteko egunak idatziko doguz, eta zazpigarrena eguena izango da.
Zozketa egin eta gero, lehenengo jokalariak asteko lehen egunera (astelehenera) harria botako dau. Hanka baten gainean domekara arte pasatzen joan beharko da, hanka biak zelaian pausatu eta marrak zapaldu barik. Eguenean hanka biak pausatu eta deskantsau leiteke, egun horretan harririk ez badago behintzat.
Domekan dagoala, astelehenean dagoan harria jaso behar dau, hanka bakar baten gainean, eta amaitu gero.

Holan joango gara asteko egun guztiak bete arte, ondoko baldintzak kontuan hartuta:
Harria dagoan karratua ezin da zapaldu
Marrak zapaldu barik aste osoa egin behar da
Egueneko kasillan baino ezin da deskantsurik egin, harria bertan ez badago
Huts egiten dauenak txanda pasauko dau eta, hurrengo txandan, jagokon asteko egunean hasi beharko dau.

Partehartzaileak

Ugaoko Aiant Martínez, Izaro Ibarretxe eta Garazi Pérez

Txorro, morro...

Nori zuzendua: 10-12 urtetik aurrera

Helburua: Alkarregaz olgetea, perzepzino espazio-tenporala, koordinazinoa, genero bardintasuna

Materiala: Korrika egiteko lekua eta arduraduna jesarteko lekua

fitxa deskargau

Deskripzinoa

Zidar eta urre zozketa eginda, taldekideak aukeratuko doguz. Irabazten dauenak astoak edo zaldunak izango diranak aukeratuko dauz.
Arduradun bat be izentauko dogu, arduradun hau zutunik edo jarrita egongo da eta bere belaunen gainean joango dira astoak ilaran makurtzen. Lehenengo astoak arduradunaren belaunen gainean ipiniko dau burua, gainontzeko astoak aurrekoaren hanken artean sartuko dau berea, astoen ilara osotu arte. Zaldunak, ostera, distantzia hartu eta banan-banan joango dira astoen gainera salto egiten.

Zaldun guztiak astoen gainean dagozanean, arduradunak, salto egin dauen lehenengoari hatzamar bat helduko deutso eta behean dagoan astoari galdetuko: “txorro (lodia), morro (bizkorra), piko (luzea), taio (nagusia), ke (txikerra)”

Azpiko asto batek erantzun egingo dau. Erantzuna zuzena bada rol aldaketa dago; ez bada, bardin segiduko dogu.

txorro (lodia), morro (bizkorra), piko (luzea), taio (nagusia), ke (txikerra)

Partehartzaileak

Galdakaoko Mikel Suarez, Onintze Suarez, June Carrasco, Garazi Zugazaga, Aitzol Martinez eta Ane Goti. Eta Orozkoko Uxue Lazkano, Uxue Etxebarria, Oneka Izarzelaia, Izaro Frias, Nerea Pagazaurtundua, Ettinet Arraiza, Julene Larrea eta Naia Ganzabal