Herririk herri eta eskualderik eskualde bertako hizkuntza eta etnografiaren bilketan du oinarria Gida didaktiko honek. Gure iritziz ezin erabilgarriago eta baliagarriagoak dira gure aitita-amamei jasotako irudiak eta berriketaldiak gazteen artean zabaldu eta eredutzat eskaintzeko. Haiexek dute euskara jatorraren eredurik onena, hizkerarik ederrena, eta batez ere komunikazio gaitasunik indartsuena.

Ereduok umea jaioberria denetik eskaintzea da aproposena. Izan ere, umea, jaiotzen denetik, lehiatzen da munduarekiko loturak estutzen, eta loturok guraso eta etxekoen bitartez bereganatzen ditu gehienbat. Umeak, berbetan ikasi aurretik ere, behingoan bereizi eta igarriko dio amaren ahotsari beste guztien artean; gehiago oraindino, intonazioa izango da umeak lehenengo ezagutuko duena, berbak barik. Horregatik beragatik, aparteko garrantzia dute aldi horretan umearekin erabiltzen diren hizkuntza-baliabide guztiek. Proiektu honetan agertzen diren aitita-amamen ahotsak baliabide ezin hobeak izango dira eskualdeko umeentzat.

0-6 urteko bitartekoen atal honetan azaltzen dena batez ere gurasoei eta hezitzaileei zuzendua dago, eurok izango direlako edukien transmisioaren arduradun eta erantzule. Guraso eta hezitzaileei, sein txikion beharrizanei erantzuteko, euren gaitasunak garatzeko eta edukiak bereganatzeko jarduerak egiteko bideak eskaintzen zaizkie.

Gida honek, helburu orokor nagusi hauek ditu:

  • Eskualdean bertako gaztetxoak euren ingurune hurrekoan integratu eta partaide bihurtzea
  • Euren-eurenak diren kultura-gizarteen izaera eta elkarbizitza erak ezagutu eta balioestea
  • Bizimodu eta tradizioen gaineko gogoeta eragitea.

Eta atal nagusi hauetan banatzen da:

Holan hazi ginduezan
Umeak hazteko ohituretan izan diren aldaketak batzen dituen tartea da.

Umearen berbeta eta olgeta
Umeari esateko edo haren inguruan berba egiteko hitzak, esamoldeak, esapideak… ematen dira, oraindik euskaraz berba egi- teko soltura handirik ez duten gurasoei ulermenean laguntzeko. 

Kantak eta errezitatuak
Gure aitita-amamei batutako kanten bil- duma da, bost ataletan banatuta: ume kantak, urte sasoietarako kantak, koplak, errezitatuak eta beste kanta batzuk…

Gida didaktikoa-ren pdf-a beheko ikonoan sakatuta deskargatu dezakezu. 

Gidak dakarren kantu bildumaren CD-a deskargatu nahi baduzu Orbelak airez aire kantu bilduma orrialdera jo eta bertan deskargatu ahal izango duzu. Orrialde honetan CD-a ez eze kantu bildumaren letrak eta partiturak ere topatuko dituzu.

    Gida deskargau