Zer da Eskola Agenda?

Eskola Agenda ikasle, irakasle eta gurasoen arteko komunikaziorako bitartekoa ez eze, Nerbioi Ibaizabal Bailararen eduki etnolinguistikoak transmititzeko bitartekoa ere bada. Eskola Agendan, astean bista, guraso-irakasleen arteko oharrak, ordutegiak… eta abarreko eduki funtzionalaz gain, Zuztarretatik Ahora egitasmoan batutako berbak, esaerak, ohiturak… uztartzen dira.
Era berean, bederatzi udalerriotako jai bereziak, egun garrantzitsuak, hitzorduak, eta abar ere agertzen zaizkigu.
Ikasturtero, Eskola Agendak, bailaran jasotako ondare etnolinguistikoarekin zer ikusia duen gai bati heltzen dio. Gaia testu eta irudi ezberdinekin ilustratzen da eta lantzeko proposamen anitzekin osatua dator.
Idazle zein ilustratzaileak bailarakoak edo bailarako egitasmoarekin lotura dutenak dira. 10 hilabeteko Eskola Agendaren egituran, bailara osatzen duten herri bakoitzak hilabete bana du, 9, eta 10.na aurkezpen gisara baliatzen da.
Gaiak eskatzen duen ordenaren arabera antolatzen dira.

Hona hemen azken urte hauetan landutako agenda ezberdinak:

2017-18

BAIETZ 11 EGUN EUSKARAZ ELKARREKIN

Zuztarluze bailarako ondarearekin jolasteko interaktiboa ez eze, Nerbioi-Ibaizabalgo uretan bizi den urtxakurra ere badugu. Garai batean, gurean, ohikoak ziren erreketako animali hauen arrastoa galdu dugu… edo agian ez. Agian, errekasto eta baso izkutuetan baten bat gelditzen da.

Kontu hau zientifikoki ebazten den bitartean ikasturte honetako eskola agendara ZUZTARLUZE urtxakurraren abenturak dakarguz. Orozkon hasi eta Zaratamora bitarte errekak, errekastoak, urtegiak, ubideak… lagun, gure urtxakurrak herriz herri, larrez larre, euskararen eta ondarearen lekukoa bidaiatzen du.
Berarekin batera herrietako auzo, mendi, erreka eta enparauen izenak ezagutuko ditugu. Bai eta garaian-garaiko larre aldaketak ere.

Zuztarluzerekin batera Elaia,bizkorEmilio osaba eta beste hainbat pertsonaia ezagutuko ditugu. Abentura eta pasadizo ezberdinetan erronka bera helburu: Baietz 11 egun euskaraz elkarrekin.

Alberto de Abajo izan da gure Zuztarluzeren ibilbidea sortu eta idatzi duena. Irati Merinok, ostera, irudien bitartez bizia eman dio.

Ikasturte honetako Eskola Agendako diseinu grafikoa Lorena Elizburuk burutu du. Lan harremanak Oibar Legarrak eta koordinazioa Galdakao eta Etxebarriko euskara zerbitzuak.

eskola agenda deskargau

2016-17

BERTSO DOINUTAN

Aurreko ikasturtean egindako lana ardatz hartuta, ibilbide toponimikoen gaiari jarraipena eman zaio. Zuztarretatik oinez egitasmo honen bitartez eskualdean zehar hainbat ibilbide interesgarri berreskuratu nahi da. Ibilbideak lantzeko jorratutako formatuei, molde berri bat gehitzen diogu eskola agenda honekin: Bertso doinutan.

Bai, Arkaitz Estiballes Galdakoztarrak ibilbide bakoitzari bertso bana eskeini dio. Neurri txikiko koplekin hasi, kopla handira salto egin, handik 8ko txikira, 8ko handiarekin amaitzeko.

Agenda honen bidez,  familiak proposatzen diren Ibilbideak egitera animatu nahi dira. Gure inguru geografikoa eta kulturala hobe ezagutzeko.

Koplagintza eta bertsogintzako lanari Karmele Gorroño eta Irene Iruretarenak aparteko marrazkiak eskaini dizkiote.

Ikasturte honetako Eskola Agendako diseinu grafikoa Lorena Elizburuk burutu du. Lan harremanak Oibar Legarrak eta koordinazioa Basauriko euskara zerbitzuak.

eskola agenda deskargau

2015-16

ZUZTARRETATIK OINEZ

Aurtengo agendaren gai nagusia Zuztarretatik ahora egitasmoan sartuta dauden herri bakoitzeko ibilbide toponimikoak (auzoak, mendi ibilbideak…) izan dira, eta lema nagusia Zuztarretatik oinez izango dugu. Ibilbideok bailarako herriotako ondarea, bizimodua, bazterrak… erakusteko helburuarekin diseinatu, grabatu eta bideo formatura ekarri dira. Bai eta deskargatzeko moduko mapetara ere.

Auzo ezberdinetako toponimia, baserriak, errotak, parajeak… lantzen dira, helburua, herri ondarearen transmisioa modu ludikoan egitea baita.

Egindako lana ardatz hartuta, eskola agenda hornitzen duten kontakizunak Itziar Ituño gazte basauriarrak sortu ditu, ibilbide bakoitzean bertako xehetasun eta kuriositateak ondo azalduz. Itziarren testuok, Irati Merino ilustratzaileak egindako irudi ederrekin apainduta datoz eta bien artean gaztetxoen arreta erakartzea lortuko dutela espero dute.

Ikasturte honetako Eskola Agendako diseinu grafikoa Lorena Elizburuk burutu du. Lan harremanak Oibar Legarrak eta koordinazioa Galdakaoko euskara zerbitzuak.

 

eskola agenda deskargau

2014-15

ZUZTAR ETA ADAR, BIAK BEHAR

Aurtengo agendaren gai nagusia teknologia berriak dira, eta lema nagusia Zuztar eta adar, biak behar izango dugu. Izan ere, lemak zera erakutsi nahi digu: teknologia berrien aroan bizi garen arren, ez daukagula zertan ukatu edo ahaztu behar gure ondare naturala, gure tradizioa, gure arbasoek belaunaldi batetik bestera transmititu diguten hori.

Aurten, ipuina Irati Bediaga gazte galdakoztarrak sortu du. Irailean hasi eta ekainean bukatzen den ipuina, hain zuzen ere. Ipuin bakarra, familia protagonista bakarra. Horrela, nahi duenak irakurketa hurbilaz, etxekoaz gozatu ahal izango du… saio bakarrean. Eta irakurketa horrek emango digu zer pentsatu eta zertaz hausnartu. Izan ere, ipuinak hainbat alderdi lantzeko aukera paregabea emango digu: emozioak, generoaren ikuspegia, etab.

Testuak Enrique Morente ilustratzaileak egindako irudi ederrekin apainduta datoz. Enrique Morente galdakoztarrak behin baino gehiagotan hartu du parte eskualdeko eskola agendan.

Ikasturte honetako Eskola Agendako diseinu grafikoa Lorena Elizburuk burutu du. Lan harremanak Oibar Legarrak eta koordinazioa Etxebarriko euskara zerbitzuak.

eskola agenda deskargau

2013-14

OLGETAN BRINKO

Bizi guztiko olgetak, jolasak, oinarri hartuta, Nagore Amondarainek sortutako 10 ipuinez osatzen da agenda. Kisketean, txorro-morro, ziba ibiltzea, soka saltoan… horrela dabiltza ipuinetako protagonistak: Olgetan brinko

Olgetaren erritmoa lotu barik, ikasturte hasieran, euskararen erabilerarekin zer ikusi zuzena duen erronka planteatzen da, eskola agendan zehar planteatzen diren galderen ildotik detektibe lanak egiteko. Honek galderok amaieran ebatziko dira. Eta amaieran ere jolas ezberdinen azalpenak ematen dira.

Nagoreren ipuinak Kepa Bilbao ilustratzaile Ugaoztarrak irudikatu ditu.

 

Ikasturte honetako Eskola Agendako diseinu grafikoa Juan Mari Onandiak burutu du. Lan harremanak Oibar Legarrak eta koordinazioa Etxebarriko euskara zerbitzuak.

eskola agenda deskargau

2012-13

BERBA JAGOLEAK

Nerbioi Ibaizabal bailarako lekukoek utzitako herentzia etnolinguistikoa eskertuz, Gotzon Barandiaranek Berba jagoleak terminoa sortu eta ikasturte honetako 10 ipuinek idatzi ditu. Gotzonen testuak Angel Dominguez ilustratzaile Galdakoztarrak irudikatu ditu.

Eskola Agenda honek aparteko kolaborazioa izan zuen, Koldo Izagirrerena. Bertoko esaerekin batera, munduko errefrau ezberdinak ekarri zituen orrialdeotara: Polonia, Afganistan, Turkia… herrialde ezberdinez osatu errefrauak, hain juxtu ere.

Euskararekin zer ikusia duten webguneak, esaerak, asmakizunak, berbak eta bailarako egutegiko egun seinalatuek osatzen dute agendaren aparteko edukia.

Edizio honetako ipuinak grabatuak izan ziren eta ondoko estekan kontsultatzeko moduan daude: 2012-2013 Eskola Agendako ipuinak

Ikasturte honetako Eskola Agendako diseinu grafikoa Aritz Albaizarrek burutu du. Lan harremanak Alberto De Abajok eta koordinazioa Galdakaoko euskara zerbitzuak.

eskola agenda deskargau