Nerbioi Ibaizabal bailara
Bizkaiko hegoaldean kokatzen gara eta Bizkaiko ibai handienen izena jasotzen dugu: Nerbioi eta Ibaizabal.
Biak ala biak bailara osatzen duten herrietatik igaro eta Basaurin bat egiten dute, Urbi auzoan. Hementxe dago Nerbioi eta Ibaizabal, Bizkaiko ibai handienak besarkatzen diran gunea. Bere garaian, hondartza modukoa egiten zan bertan eta jente asko hurbiltzen zan bainetan eta eguna pasetan, txalupak be ba egoazan. Ibaiak hemendik aurrera, Kantaurin itsasoratu arte, Ibaizabal izena hartzen dau.
Arabako Delika herriaren goiko aldean jaiotzen da, 222 metroko ur jauzi ikusgarrian, Urduñako mendien goialdean, Santiagoko pagadian. Bizkaiko Urduñako lurrak igaro eta gero, Arabako Amurrio, Luiaondo eta Laudio zeharkatzen ditu, berriro eta behin betiko Bizkaiko lurretan sartu baino lehen.
Gero, Arakaldo, Arrankudiaga, Ugao eta Arrigorriaga zeharkatuta, Basaurin ematen dizkio bere urak Ibaizabali, bere 72 kilometroko ibilbidearen bukaeran. Ibilbideak, oro har, hego-ipar norabideari jarraitzen dio.
Ibaiaren sorrera hainbat errekak eratzen dute. Jatorriz Zumelegi izena duen ibaia da, Elorrio inguruko erreka errekastoek elkartzean sortua, Atxondora heltzean Arrazola erreka biltzen zaio, (Anboton jaiotzen dena (1.296 metro) eta Ibaizabal izena hartzen du.
Abadiñon Atxarte eta Oiz (1.026 m) eta Mañazar menditik jaisten diren hainbat errekak sorturiko Zaldu ibaia gehitzen zaizkio. Iurretan Mañarierreka, Lemoan Arratia ibaia, Basaurin Nerbioi ibaia, Bilbon Cadagua eta Erandion Asua ibaia batzen zaizkio, harik eta Portugalete eta Getxo bitartean itsasoratzen den arte.
Gure bailaran osatzen dugun 12 udalerrietan 120.000 biztanletik gora batzen gara. Ekonomikoki eta, bereziki, sozialki aldaketa sakonak jasan izan ditu azkeneko hamarkadetan. Gure artean gaztelania eta euskara batua ez eze mendebaldeko euskara ere berba egiten dugu, sartaldeko multzokoa
Lehenengo sektorearen nagusitasunak bide eman zion bigarren sektore indartsu bati XX. mendeko industrializazio garaian. Azkeneko urteetan hirugarren sektoreak gorakada nabarmena bizi izan du. Eta, gaur egun, bakoitzak bere neurrian, hiru sektoreok elkarrekin diraute.
Aldaketa sakon hauek egon arren, giza harreman asko, gure ohitura eta usadioetan oinarritzen jarraitzen ditugu. Hala nola, herrien arteko demak, herri kiroletan oinarrituak batzuk, baserriko lanen tradiziotik datozenak.
Gure bailarako kultur ondarea Zuztarretatik Ahora proiektuaren baitan biltzen dihardugu, gogotsu, Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes eta Zaratamoko udalerriok.
Urte askotarako!