Lehen sektorea
Lehen sektoreko jardueretan lurreko emaitzak zuzenean hartzen dira naturatik. Gai horiei lehengaiak esaten zaie. Mendeetan zehar tresna sinpleak erabili izan dira lehen sektoreko jardueretan: aitzurra, kakoa, sarda… Azken urteetan, teknologiak aurrerapauso handia egin du eta tresneria asko eta asko garatu da.
Abeltzantza

Antzinako lanbidea da abeltzaintza. Txerriak, behiak, untxiak, oiloak… hazten dira gure inguruan: esnetarako, okelatarako, baserrian laguntzeko… Abeltzaintzan aurrerapauso handiak egin dira, tresnerian nahi arrazen hobekuntzan ere.
Berbarako, gaur eguneko esne-behiek sasoi batekoek baino esne gehiago ematen dute. Ganaduari ondo hazteko, belarra eta pentsua ematen zaizkio. Aziendak elikatu eta jagon egin behar dira. Ganadua kortan egoten da. Behiei, esaterako, udan belar freskoa ematen zaie, baina negurako fardoak prestatzen dira. Lehen fardoen ordez belar-metak egiten ziren. Garai bateko kortak txikiak eta ilunak izaten ziren eta lo egiteko otabarra eta irak jartzen zitzaizkien azpian. Belarra aldatu egin behar zen zikintzen zenean. Jan eta edan askatik egiten zuten. Jetzi ere kortan bertan egiten ziren, eskuz. Esnea ontzi edo kantinetan gordetzen zen eta, ondoren, batzuetan etxerik etxe banatzen zen. Gaur egun, ordea, kortak argitsuagoak diraeta aireztatuta egoten dira, mikrobio etabakteriak murrizteko. Behiek goma batzuengainean egiten dute lo eta gorotzak kentzeko parrilla bereziak egoten dira. Gainera, makina automatikoen bitartez eraisten dira ardiak eta behiak, eta esnea gordetzeko zisternak erabiltzen dira.
Nekazaritza

Gure eskualdea Kantauri isurialdean dagoenez, klima apropos-aproposa daukagu artoa, indabak, barazkiak, sagarrak, belardia (abereentzat)… egokiro hazteko.
Nekazaritzarako lur-arloak, ahal dela, laua izan behar du. Horrez gainera, lursailak emankorrak izan daitezen, beharrezkoak dira ura eta ongarriak. Lur eremu txikiak dira, tenperatura epelean jarri behar dira eta sarritan egin behar zaie ura.
Lurra prestatzeko lanak neguan hasten dira, Gabon aurretik. Lehenengo eta behin belarra kendu behar da eta lurra irauli, horretarako antzina laiak erabiltzen ziren, geroago goldea edo makina. Ongarria edo abonoa botatzea osasungarria da lurrarentzat, indarra hartzen duelako. Gero lurra berdintzeko area eta narra pasatzen dira. Beharrezkoa bada, mokilporrak erabiltzen dira mokilak apurtzeko. Gero, ziminteran hazitako landarea lurrera pasatzen da. Haziak artezean lurrean ereiteko, lurra exarekin prestatzen da.
Udaberria lurrak jorratzeko garaia da; uda, ostera, uzta jasotzekoa. Txoriak uxatzeko, txuzoak edo tentemozoak, ipintzen dira. Soroko behar nekosoetan ganadua erabiltzen zen lehen, bai behiak eta bai idiak, batzuetan astoa ere bai. Gaur egun teknika aurreratuak dauzkagu nekazaritza ustiakuntzetan, tresnak hobetu egin dira-eta. Traktorea, esaterako, aurrerapen handia izan zen. Gainera, gaur egun, garaiz kanpoko jeneroa hartzen da berotegi edo inbernaderoei esker.
Artzantza

Artzaintza oso zaharra da gure artean. Lehen baserri gehienetan egoten ziren arditokiak. Artzainen lana artegia ondo jagotea da, eta eguraldi aldaketa dela-eta, ardiak larrez aldatu behar izaten ditu.
Artzainak maiatzean igotzen dira mendietako larreetara, uda eta udagoiena bertan egiteko. Goizean goiz jaiki, ardiak eraitsi, gosaldu, gazta egin, bazkaldu, egurra txikertu, ardi gaixoak osatu… horrelaxe bizi dira. Ilunabarrean, ardiak batu egin behar dira. Horretarako, artzainak ardi-txakurra izaten du lagun. Ardiak gordetzeko ardi-txabolak, tegiak edo eskortak izaten dituzte artzainek. Uda hasieran ardi-moztea izaten da. Ardi-lana edo artilea lortzen da ardiari ebakitako hiletik. Neguan artegiak beheko lurretara itzultzen dira. Garai horretan, arkumeak jaiotzen dira. Kortan egoten dira eta jaio eta hilabetera hasten da artzaina umea egin duten ardiak erasten. Nork bere artaldeari marka jakin bat egiten dio, akatsa deritzona. Artzainek kontuz ibili behar dute otsoa ageri denean. Lehen kazerua ibiltzen zen lan horretan, otsoa hiltzearren pagatu egiten zitzaion.
Ardiengandik okela, esnea eta artilea lortzen ditugu. Esne hori erabiliz artzainak gazta, gatzatua… egiten ditu eta horiek saltzen azokara edo plazara joaten da. Etxerik etxe ibiltzen ziren artzainak ere izan dira gurean.
Erlezaintza

Erlea oso garrantzitsua da naturan, polena lore batetik bestera eroanda fruituen produkzioa handitu egiten duelako.
Erleak animalia bitxiak dira eta euren inguruan sineste ugari dago: erlea hiltzeak kalteak ekar ditzake, erleak ezin dira diruaren truke eman eta antzina etxekoandrea edo etxeko jauna hiltzen zenean, erleei horren berri eman behar zitzaien.
Erleak erlategietan bizi dira. Erlauntzak mendiko enbor ihartu ebakiak izan daitezke, edo oholez egindako kaxak. Eztia erleek larbei jaten emateko sortzen duten sustantzia gozoa da. Erleek argizaria erabiltzen dute saparra (erletxeetako zulotxodun bandejetako gaia) egiteko, eta gure artean kandelak egiteko erabiltzen da. Azaleko gaitzen kontrako ukenduak ere egiten dira argizariz. Propolia, ostera, erleek erlauntza ixteko eta desinfektatzeko erabiltzen duten gaia da, gure artean gaixotasunen aurkako botikak egiteko erabiltzen da.
Udaberrian, erregina arrautzak jartzen hasten da eta gainerako erleek arrautzak zaintzen dituzte. Bitartean, eztia egiten dute. Udan erleberritzea gertatzen da eta erlauntza berriak sortzen dira. Udagoienean eztia batu eta erleei negua igarotzeko beste ezti uzten zaie. Neguan erleak euren saparretan egoten dira pilatuta. Orduan, ez da batere komeni erlekaxa irekitzea.