Ugao-Miraballes
Auzo nagusiak: Ugao, Markio eta Beaskoetxea
Ugao-Miraballesko bizilagunak ugaotar edo miraballestarrak dira.
Ingurukoek askotan, herria izendatzeko, Kallea esaten dute. Herrigune txikiaz gain, erdigunetik asago dauden auzoak ere badira: Markio nekazal eta artzain-auzoa, esate baterako, Arrigorriagako muga barruan egonda ere, Ugao- Miraballes da udaletxez.
Herriko beste auzo batzuk dira Lupardo, Santi Laurenti, San Roman, Usila, Arandia eta Iturrigorrialde.
1375. urtean sortu zuen Bizkaiko Jauntxoa zen Juan infanteak Ugao-Miraballes hiribildua Ugao zaharraren gainean, hau da, XX. mendera arte zutunik iraun zuen dorretxearen inguruetan. Kondaira batek dioenez, Zeberiotik Bilbora bidea luzeegia zela-eta inguruko biztanleek Ugao sortu zuten antzina, bidea laburtzeaz gain, inguruan zebiltzan gaizkileen lapurretak saihesteko.
Herri txikia bada ere, bizitasun handikoa izan da aspalditik. Ohikoa zen, lehenago, bi, hiru edo lau pisuko eraikinen beheko aldean abereentzako kortak egotea edo udan garia kale erdian jotea, esaterako. Hala ere, erdiguneko biztanleentzako jarduera nagusia industria izan zen. Herriko biztanleez gain, inguruetatik ere hainbat langile joaten zen Talleres de Miravalles, Hilados eta Pradera edo Fabrika Zaharra esaten zioten fabriketara, emakumeak ere tartean zirela.
Eraikin eta leku aipagarriak dira, besteak beste, Usilako zubia, Markioko San Juan baseliza eta labaderoak, Udaletxea, Jane jauregia, San Bartolome eliza, Hiru Kañuko iturria, Udiarragako Ama Birjinaren baseliza edo jada ez dagoen eta orain herriko kale nagusiari izena ematen dion Ugaoko dorretxea. Aipatutako azken hiru eraikinak oso garrantzitsuak izan dira Ugao-Miraballesen historian. Herritarrak Hiru Kañuko iturrira joaten ziren ur bila etxeetan urik ez zegoenean. Udiarragako Ama Birjinaren gainean, bestalde, kondaira polita dago: Udiarraga auzoan agertu ei zen eta zeinek bere herrira eroango ibili ziren ugaotar eta zeberioztarrak. Azkenean, bien artean utzi eta Ama Birjina Ugao-Miraballesko alderdira pasatu omen zen. Hori dela-eta egin zioten baseliza herrian. Ugaoko dorretxea, azkenik, herriko eraikin zaharrenetarikoa zen; edadekoek esaten dutenez, etxe handi eta antzinakoa zen, mauru edo jentilek aspaldi-aspaldi egindakoa.
Jose Maria Maguregi Athletic-eko futbolaria eta Maite Idirin kantaria herriko seme-alaba ezagunak dira.
Herriko patroia San Bartolome (abuztuaren 24an) bada ere, jai handiena Udiarragako Ama Birjinari (irailaren 8an) egiten zaio. Markio auzoan, bestalde, sanjuanak (ekainaren 24an) ospatzen dira eta ohikoa da jendea herritik igo, meza entzun eta ostean galleta batzuk jan eta ardo zuria edanaz erromeria txikia egitea.