Orozko
Auzo nagusiak: Albizuelexaga, Arbaitza, Bengoetxea, Gallartu, Ibarra, Murueta, Urigoiti eta Zubiaur
Herri handia da Orozko, guztira 102 km2 eta 11 ibar ditu. Ondoko herriekin egiten du muga: Arrankudiaga, Arakaldo, Artea, Zeberio, Areatza eta Zeanuri Bizkaian; eta Zuia, Amurrio, Aiala eta Laudio Araban.
Erdigunea herriko beheko aldean dago, Zubiaur auzoan. Alabaina, horretaz gain dozenaka auzo daude aipatutako ibar eta mendi-aldatsetan barrena: Murueta, Pagazaurtundua, Atxondo, Bengoetxea, Isasi, Beraza, Jauregia, San Martin, Ibarra, Arrugeta, Aranguren, Zaloa, Ugalde, Urigoiti, Usabel, Olarte, Egurtu, Albizu, Sautu, Gallartu.
Inguruetan aurkitutako koba, dolmen edo trikuharri eta bestelako arrastoak gogoan hartuta, Neolito aroan egungo Orozkon jendea bizi zela ikusten da. Leku altuetan dagoen auzo-kopurua egonda, Gorbeia mendiguneari lotutako artzain-bizimodua, oso aspaldikoa dela esan dezakegu.
Lurraldearen lehenengo egituraketa XII. mendean egin zen, sei eliza eraiki zirenean. Horiez gain, denboran zehar hamaika baseliza altxatu ziren auzo ezberdinetan. XVI. mendean, gainera, Ibarrako serorategia egin zen. Bestalde, 1875. urtera arte ez zen bete-betean Bizkaia izan. Izan ere, aurretik Arabako aialatarren menpe egon zen Orozko.
Industria zaharra oso garrantzitsua izan zen XIII. mendetik XIX.era. Gizaldi horien artean, esate baterako, hainbat burdinola egon ziren herrian. XX. mendean ikazgintzak eta karegintzak, adibidez, bizirik zirauten herrian eta ez dira hamarkada asko igaro azken errotak martxan zeudenetik. Horiekin batera, hainbat dira oraindik aurki daitezkeen lei eta elurra gordetzeko zulo handiak, gaztainak gordetzeko erabiltzen ziren kirikino-hesiak edo ardiak batuta eta babestuta edukitzeko eskortak.
Herrian hainbat eraikin eta arrasto aipagarri daude, esate baterako, burdinola, errota eta antzeko industria zaharren aztarnak, Anuntzibai, Olabarria edo Torrelandian. 1500. urtean eraikitako Aranguren dorrea, Jauregia eta Ugarte palazioak, XVI. (Muguru, Albizua), XVII. (Munekogoiko, Urigoiti, Larragoiko, Ugaldegoiko, Orbe eta Zuhatzu) eta XVIII. (Oxinluzea, Odeiaga, Artengoa eta Arandi) mendeetako baserriak. Gogoan izatekoak dira, gainera, udaletxea edo Orozkoko Museo Etnografikoa dagoen jauregia, zubiak, eskola zaharrak, eta abar.
Auzo asko dagoenez gero, jai ugari ospatzen dira Orozkon. Herrikoak sanantolinak (irailaren 2an) dira, baina gainerako eliza eta baseliza askotan ere egiten dira ospakizunak: Andra Mari Goikirian, Andra Mari eta San Roke Ibarran, Santi Laurenti Urigoitin, San Migel Mugarran, Santa Katalina Jauregian, Santa Ageda Olarten, San Isidro Manzarbeitian, San Pedro eta San Pablo Zaloa eta Muruetan, San Fabian eta San Sebastian Egurrigartun, Santa Marina Santa Marinan, Santiago Katadion, eta abar.