Galdakao

Auzo nagusiakAgirre-Aperribai, Bekea, Elexalde Galdakao, Gumuzio, Kurtzea eta Usansolo

Dokumentu zaharrei esker jakin badakigu XIV. mendean bazirela biztanleak inguruetan. Badakigu, halaber, XVI. mendetik aurrera Bizkaiko Jaurerrian 38. jarlekua zeukala, eta XVIII. mendean desagertutako eliza zaharra Ganguren mendian zegoela, herrigunetik urrun.
Horregatik, XIII. mendean Elexaldeko
Andra Mari eliza eraiki zuten. Jada garai modernoagoetan Galdakao gune garrantzitsua izan zen gerra ezberdinetan. Lehenengo karlistadan, esaterako, karlistek kuartel garrantzitsua eduki zuten herrian.

Industria zaharraren arrastoak leku ezberdinetan aurkitu dira Galdakaon, adibidez, burdinolak, harrobiak eta, XX. mendean oraindik ere, errotak. Tradizioz baserriko jardueretatik bizitako herria izan bada ere, XX. mendean zehar industria eta zerbitzuen sektoreek indar handia hartu zuten. Horren adibide dira herriko dinamita-fabrika, Firestone lantegia edo ospitalea.

Eraikin eta leku aipagarriak dira, besteak beste, Andra Mari elizak, Isasigoikoa eta Lekue dorretxeak, Urgoiti zubia, udaletxea, Gallo deritzon monumentua, 1936ko Gerra Zibileko Burdinazko gerrikoaren bunker eta arrastoak edo herrian bertan dauden eskultura ezberdinak: mendizalea, dantzaria, esne-saltzaileak, burdinola, lanperna eta abar.

Herrian jaiotako pertsona ezagunak dira, besteak beste, Remigio Gandasegi apezpikua, Jose Iragorri futbolaria, Oier Zearra pilotaria, Igor Anton txirrindularia, Jon Azkueta eta Kristina Kastro atletak eta Arkaitz Estiballes bertsolaria, Mariano Barrenetxea albokaria, Romualda Zuloaga panderojolea eta herrian bizi zen Patakon xelebrea.

Herriko jaiak santakurtzeak dira (irailaren 14a), baina hainbat auzotan bestelakoak ere ospatzen dira: San Jose behargina (maiatzaren 1ean) Aperribain, San Andres (azaroaren 30ean) Usansolon; San Bernabe (ekainaren 11n) Erletxeta, Altamira, Askarri, Padrola, Artola eta Kortederran; Santa Marina (ekainaren 18an) Bengoetxen, Andra Mari (abuztuaren 15ean) Elexalden, eta abar.