Basauri
Auzo nagusiak: San Migel, Basozelai, Arizgoiti, Kareaga, Pozokoetxe eta Solabarria
Auzo nagusiaz gain, auzo txiker eder asko ere baditu Basaurik: Finaga, Luzarre, Atxikorre, Uriarte, Errekalde, Arteaga, Arteagagoitia, Abaroa, Etxerre, Azbarren eta Sarratu.
Izatez herri txikia da Basauri.
Inguruan Galdakao, Etxebarri, Bilbo, Arrigorriaga eta Zaratamo ditu. Nerbioi ibaiak zeharkatzen du, hain zuzen ere, Urbi auzoan Galdakaotik datorren Ibaizabal ibaiarekin bat egiten du Nerbioi ibaiak Etxebarrin barrena, Bilbora joan aurretik.
Udalerriko mendi garrantzitsuenak, Arrigorriagarekin mugan dauden Malmasin eta Gaztelu dira.
Bigarren eta hirugarren sektoreek dute garrantzi handiena Basaurin, hau da, industriak eta zerbitzuek. Oso garrantzitsua izan zen, esaterako, La Basconia fabrika: inguruko herri guztietatik joaten ziren bertara lanean. Kontuan hartzekoa da oraindik ere Mercabilbao janari-biltegi erraldoia. Azkenik, oraindik ere lehenengo sektoreko nekazaritza eta abeltzaintza egon badaude, baina jada inor gutxi bizi da horietatik.
Finagako landetan aurkitutako arrastoek Kristo aurreko IV. Mendeko gizakien aztarnak erakusten dituzte. Jakin badakigu, halaber, Erdi Aroan Nerbioi ibaiaren ezkerraldea babesteko gaztelua Malmasingo lurretan zegoela. Orduko garaietan, baina, egungo Basauri Arrigorriaga zen: 1510. urtera arte ez ziren banatu. 1858an Gernikako Juntetxean jarlekua lortu eta handik berrogeita lau urtera San Migel partean egoniko udaletxea orain dagoen lekura eroatea onartu zen. Izan ere, garai hartan hasi zen Arizgoiti ingurua handitzen kanpoko jendea etorri ahala.
Gaur egun XX. mendean eraikitako San Pedro eliza da herriko eliza nagusia, San Migelekoan mezak oraindino egiten badira ere. Leku eta eraikin aipagarrien artean daude, besteak beste, San Migel eta San Pedro elizak, San Martin eta Arizko baselizak, Arizko dorretxea, Taberna Nagusia, Pinceles, Iruaretxeta, San Fausto, Bizkotxalde eta Solabarria plazak, Sozial Antzokia, Ibaigane kultur etxea, Arizko zubia eta Gartzela. Gaur egun desagerturik daudenen artean, Arizgoiti plaza erdian zegoen baseliza, San Migeleko plazako kioskoa eta Ibarreko errota aipa genitzake.