Arrigorriaga

Auzo nagusiak: Abusu/La Peña, Agirre, Arrigorriaga eta Martiartu

Historia luzeko herria da Arrigorriaga Bizkaian.
Kondairak dioenez, IX. mendean Ordoño printzearen agindupean leondarrak Bizkaia indarrez hartzen etorri zirenean, bizkaitarrek gogor egin zieten aurre orain Arrigorriaga den lurretan Jaun Zuriak gidaturik. Borroka hartan hainbeste odol isuri zen non inguruetako harri guztiak gorriz tindatu baitziren. Ordoño printzearen hilobia, gainera, Arrigorriagako elizan bertan gordetzen da.

Herriko eta ingurukoek Arguia esaten diote Arrigorriagari.

Hiriguneaz gain, auzo txikiagoak ditu. Hala, Lanbarketa, Larrasko, Kubo, Martiartu, Abrisketako San Pedro edo Altamira herriko erdigunetik hurbil dauden artean, urrutixeago daude Dimutio, Agirre, Txako, Ollargan, Santa Isabel, Olatxu, Abusu eta Brisketa. Halako auzoetan daude herriko baserri gehienak, tartean antzina dorretxe izaniko baten bat.

Inguruan Bilbo, Ugao-Miraballes, Zeberio, Zaratamo, Basauri, Alonsotegi eta Arrankudiaga izanik, Artanda, Pastorekorta, Kurtzekozelai, Arboliko eta Malmasin dira Arrigorriagako mendi garaienak.

Industrialde garrantzitsua izan da aspaldi-aspalditik: badakigu, esate baterako, 1300. urtean burdinameatzeak zeudela Ollarganen. Horretaz gain, orain desagerturik dauden lau-bost errota garrantzitsu (Madalen errota, Bentakoerrekako errotak) eta industriagune handiak daude: Papelera Española, Artiach, Talleres Berasategui, Rezola, eta abar.

Eraikin eta leku aipagarriak dira XII. mendeko Abrisketako Done Peri baseliza, IX. mendeko Magdalena eliza, Landaederragako Santo Kristo baseliza, Ugertzako zubia, Brisketa auzoko labaderoak, Bentakoerrekako ikastola zaharra eta Mendikosolo parkea.