Arrankudiaga
Auzoak: Arana, Aspiuntza, Uribarri, Zollo-Elexalde eta Zuloaga
Arrankudiagako historia Arakaldo, Arrigorriaga eta Zollo herriei loturik egon da Erdi Arotik gaur arte. Izan ere, Arrankudiaga eta Arakaldo bat ziren harik eta 1520. urtean bigarrena banatu egin zen arte.
Bestalde, Arrankudiaga Arrigorriagaren parrokiaren baitan egon zen 1876an foruak deuseztatu orduan. Zollo, azkenik, herri independiente izatetik Arrankudiagaren auzo izatera igaro zen XX. mendeko 1968. urtean.
Tradizioz nekazaritza, abeltzaintza eta artzaintzari loturiko herria izan da, baina azken hamarkadotan zenbait industriagune sortu dira, esaterako, Arbide parteko lantegiak edo Bakiola industria-poligonoa.
Industria-jarduerak, baina, antzinagotik datoz: Nerbioi ibaiko uraren indarra baliatzen zuten sei errota, burdinola bat eta argindarra egiteko zentral txikiak ezagutu dituzte inguruko nagusiek.
Azken urteotan etxe berriak eraiki dituzte, baina oraindik nagusi dira baserri edo aldea-etxeak herriko auzo gehienetan. Eraikin eta leku aipagarrienen artean Andra Mari eliza zaharra, San Pedro baseliza, Zolloko urtegia, Arene auzoko udaletxe dotorea, Elexondoko bolatokia, Iberlandako parke eta jolastokia eta inguruko Goikogane, Ganekogorta, Untzuetapiku eta Kamaraka mendiak ditugu. Mendiotara igoz gero, herriaren eta inguruko paraje ederrak ikusten dira, bai eta hainbat baserri eta auzo zahar ere.
Desagertu edo jada bizilagunik ez daukaten eraikinen artean Gastakako dorretxea, zaharrenen esanetan mauru edo jentilek oso antzina eraikia, eta mojen komentua daude. Azken horrek, gainera, albotik igarotzen den errekari ematen dio izena: Beat(o)en erreka edo, herrian esaten den moduan, Betunerreka.
Herriko seme ezagunak izan dira Piti izengoitidun zolloar soinularia eta futbolaren munduan ibilitako Javier Eskaza eta Mateo Félix Atxa jokalariak edo Eduardo Iturralde González kirolepailea.
Herriko jaiak andramariak dira (abuztuaren 15ean). Hala ere, aipagarriak dira Uribarri auzoan San Pedro egunean egiten diren bazkari-erromeriak edo Zolloko sanmartinak.