Arakaldo

Auzo nagusiak: Elexalde, Isla, Eperretxe, Madariaga eta Goikiri.

Arakaldo Bizkaiko udalerria da. Nerbioi ibaiaren parean dago, izen bereko eskualdean. 165 biztanle zituen 2016. urtean.

Arakaldo herriaren ezaugarri nagusia txikitasuna da: Bizkaiko herri txikienen artean egoteaz gain, lurralde horretan biztanle gutxien duena ere bada: 2008an 93 bizilagun baino ez zituen. Muga egiten du Bizkaiko Arrankudiaga eta Orozko, eta Arabako Laudio herriekin.

Dakiguna gogoan hartuta, 1520. urtean bihurtu zen herri independiente Arakaldo, Arrankudiagako elizatetik banatu zenean. Bigarren horren baimen barik eginiko zatiketa izan zela ematen du. Izan ere, Arakaldok ez zuen inoiz Bizkaiko Batzar Nagusietan jarlekurik izan, bertan Arrankudiagaren menpe egoten jarraitu zuen harik eta XIX. mendean udalerri izatea onartu zen arte. Mende horretako karlistadetan, zoritxarrez, ia herri osoa erre zuten: eliza eta etxe bi baino ez ziren zutunik geratu. Garai hartatik XX. mendera herriak jasandako aldaketa nagusiak AP-68 errepidea eraikitzea eta azken hamarkadetan eraikitako etxe berriak dira.

Tradizioz nekazaritza eta abeltzaintzari lotutako herria izan da Arakaldo: biztanle gehien-gehienek zeuzkaten indaba, arto eta gari-soroak, bai eta ortu eta abereak baserrietako kortetan. XXI. mende hasieran, ostera, inor ez da bizi jarduera horietatik. Pinua landatu da herriko lurraldeen %77an, hortaz, basolangintzak eta egurgintzak indar handia hartu du azken aldian. Bigarren sektoreari dagokionez, badaude industriagune batzuk, hala nola, 1971. urtean ezarritako 100 behargindun Postentosa lantegia, gaur egun Norten PH izenarekin ezaguna.

Aipagarriak dira herriko eliza eta baserri zaharrak eta beste alde batetik herriko seme ezaguna izan zen Jenaro Pildain sukaldaria.

Arakaldoko jaiak santamarinak (uztailaren 18an) dira.