Nerbioi-Ibaizabal bailarako ipuin eta kontakizunak
Bailaran zehar egindako elkarrizketetan ipuin eta kontakizun ezberdinak jaso ditugu.
77 lekukoei egindako grabazioetan, gure ustez, egokienak direnak ekarri ditugu orrialde honetara. Kasu batzuetan, testuak audio edo bideoz lagunduta izango dituzue.
Ipuinok pdf formatuan deskargatzeko moduan atondu ditugu.
Anaia bi eta sugea
Anaia bi igitaiekin irak ebakitzen zeudela, han ikusi zuten zelan irten zen sugea!
–Ezeiok ezer egin! –esan zion anaia nagusiak gazteenari, piztia ere izaki biziduna zela arrazoituta.
Anaia gazteak ez zion jaramonik egin nagusiari eta zazt, igitaia jaurtita sugeari buztan zati bat kendu zion.
Denbora joan eta etorri, anaia nagusia soldadu joan zen, eta Gabonetako afarirako biajea oinez egiten hasi. Arin-arinetan zetorren arren, ez zebilen garaiz afarirako. Horretan, kabailero batek irten zion bidera anaia nagusiari.
–Paratu nire ganean eta eroango zaitut nik afaria jan gura badozu…
Halaxe egin zuen anaia nagusiak, eta afarirako ailegatu zen. Kabaileroak gerriko bi eman zizkion, beltza berarentzat eta gorria anaia gaztearentzat. Gerrikoez gainera, urregorrizko hainbat txanpon ere egin zizkion opari.
Anaia gazteenari gerrikoa opetsi zion nagusiak, kabaileroak esan legetxe:
– Aiko! Kabailero batek ekarri nau eta garriko gorria emon jostek hiretzat!
–Ez joat halakorik gura! –erantzun zuen anaia gazteak, eta etxaurreko intxaurrari eta lizarrari lotu zion gerrikoa. Lotu orduan airean gora egin zuten zuhaitz biek!
Eskerrak anaia gazteak gerrikoa jantzi ez zuen! Antza, horixe zen sugearen mendekua: hil arte estutuko zuen gerrikoa.
Ipuina deskargauAingeruak
Asko eta asko dira aingerutxoei buruzko sineskerak.
Hona hemen horietako bi:
- Gauez sutondoa ondo-ondo garbi utzi behar da, gauez aingerutxoak bertara dantzan joaten direlako.
- Arrosarioa errezatzearekin batera aingerutxoak etorri eta tximinian behera sartzen dira.
Kilimauak
Kilimauak mamu antzekoak ei dira.
Kilimauak zetozela entzun orduan, korrika baten joaten ziren ostentzen sasoi bateko umeak.
Anbotoko Mari
Anbotoko kobazuloetan eta inguruko haitzetan sorgindutako neska eder bat bizi dela esaten da, lantzean zerua zeharkatzen duena, sutan. Anbotoko Mari edo Anbotoko Señora izenaz da ezaguna.
Antza denez, beti orrazten ibili ohi zenez, amak maldizioa bota zion neskari eta koba batera bidali zuen bizitzera. Inguruan zeukana janez egin zuen aurrera neskak, pentsa, muskerrak ere jaten zituen! Eta baita orrazteko denbora atera, gainera!
Zazpi urtegarrenean, ama bisitan joan zitzaionean, berriro egin zion maldizioa, orrazteari utzi ez ziola ikusita, eta beste mendi batera bidali zuen, Gorbeiara. Baina Mari neska azkarra zen eta han ere topatzen zuen jatekoa. Pastoreek ere eramaten zioten gazta, ogia, putxa…
Zazpi urtegarrenean, amak berriz bisita egin zionean ez zion maldiziorik kendu, eta zazpi urterik zazpi urte lekualdatuz bizi da ordutik Mari, kobazulo batetik bestera, bere burua orraztu eta orraztu. Anega-indabak daukan beste garo urte egin behar ei ditu horrela Marik, arean.
Esaten da Anbotoko Señora orraztu ostean eguzkiak irteten duela, edota haren suaren txispak ukitu ezkero kondenatu egiten dela bat.
Ipuina deskargauBizar latzakaz musu
Sorginak elkartu eta akelarreak egiten dituzte. Behin, sorginak Josepateko Landan bilduta zeudela baten bat bertaratu omen zen haienera, eta zertan ari ziren ikusi: sorgin nagusiaren inguruan egiten zuten dantza. Artean, hau ipurdi gabeko aulki batean eserita zegoen. Lantzean, aulkiaren azpitik igarotzen ziren sorginak, eta muxu ematen zioten ipurdian.
Egun batean, herriko zapaterua joan omen zen bertara, zintzel bat hartuta, eta aulkipetik igarotakoan, zazt! Egin zion ipurdian sorgin nagusiari.
– Zauzea! Alto el baile! esan zuen sorgin nagusiak. Hemen baten batek bizarrak latzak ditu!
Bizardunen baten bila ibili ziren inguruan, baina han topatu ez! Zapateruak egunean bertan zeukan bizarra egina! Ederretik libratu zen!
Ipuina deskargauBizar latzakaz musu
Makila Kixki
Inguruan diote abade bat meza ematen zegoelarik txakurra ahausika agertu zitzaiola, erbi baten atzetik. Abadeak kazarako afizio handia zuenez, meza utzi eta txakurraren atzetik abiatu zen. Baina abadeek ezin omen dute meza erdizka utzi. Hala da ezen betiko kondenatu zen abadea, eta oraindik dabil zeruan buelta eta buelta, ahausika doan txakurraren atzetik.
Pastore batek esaten zuen gauetan lainoak edo izarrak agertzen zirela lantzean txakur itxuraz, eta bai eta entzun ere txakurra ahausika. Sinestea da huraxe zela behin kondenatutako abadea, airean, txakurrarekin.
Ipuina deskargauMakila kixki
Orozkoko Arandi baserrikoak
Orozkoko Arandino baserrikoak, joan ziren behin gaztainak batzen basora eta laminek ospa egin zuten orraziak bertan utzita. Arandikoek hartu egin zituzten orraziok. Gaueko hamabietan, laminak joan zitzaizkien etxeko atera:
— Juan de Arandi, ekarrizu nire orrazia, ezpabere laster izango da zure askazia.
Arandi baserrikoak beldurraren beldurrez hurrengo goizean bertan joan ziren atzera basora, orraziak topatutako lekuan uzten. Ordutik aurrera, ez ziren laminak inoiz agertu zarataka Arandikoen atera, baina, kastigua bai, bota zieten kastigua laminek: ez zela erorik faltatuko etxe hartan ordutik aurrera
Ipuina deskargauOrozkoko Arandi baserrikoak
Villarreal de Alava
Artajorran zegoen gizonari erdaldun bat hurbildu eta galdetu zion:
–Buen hombre, ¿no sabrá por donde se va a Villarreal de Alava?
–Eta nork esan deutsu zuri nik mila errealetan ezkontzen dodala alaba?
Villarreal de Alava
Kartzelako iheslaria
Hargin bat, Basauriko kartzelan sartu zuten gerraostean.
Baina kartzela eraikitzen han behar egindakoa zenez eta azpiko bide denak ezagutzen zituenez laster egin zuen ihes.
Kartzelako iheslaria
Neure buru
Lamina azkarren artean egon izan da hain azkarra izan ez den baten bat. Behin bazegoen atso bat zukua egiten, makilarekin eragin eta eragin, lamina agertu zitzaionean zuku eske.
Laminak atsoari izena galdetu zion:
— Neure buru —erantzun zion atsoak.
Laminak zuku eske jarraitu zuen harik eta andreak irakiten zegoen zuku apur bat eman zion arte.
Mihia erreta, lagunengana parajetu zen lamina negar baten. Negar eta kexuak entzutearekin batera lagunek zera galdetu zioten lamina gaixoari:
— Nork egin deutsu hori, ba?
— Neure buruk! Neure buruk! —erantzun zuen laminak minberatuta.
Eta besteek:
— Zuk zeuk egin badozu, zer dala eta hainbeste kexu?
Ipuina deskargauNeure buru
Salda baino ez!
Zeberioko mutiko bat morroi zegoen inguruko etxe batean. Mutikoa ez zen batere elizkoia, Zeberion eliza asago zutela-eta.
Egun baten, etxeko ugazabak elizara agindu zuen mutikoa. Jendea ikusiko zuela harantz joaten eta besteek egiten zutena egitea gomendatu zion, morroia beldurrez zegoen-eta ez zekielako zelan jokatu.
Han bueltatu zen morroia mezatik bekoki iluna zuela.
–Zelan joan da, ba? –galdetu zion ugazabak.
–Txarto! –erantzun zuen morroiak–. Heldu naz eliza atarira, ikusi dot danek eskua “putzuan” sartzen ebela eta gero ahora eroan… Ni heldu nazenerako, baina, zopa dana janda egoan, eta saldea baino ez deuste itxi!